
Markina-Xemeingo Udalak, udalerriko eta Lea-Artibai Eskualdeko kultur ekintzen urritasunaz aspaldian oharturik, proiektu orokor bati heldu zion buru-belarri, herritar guztiei orokorrean eta batez ere bertoko gazte eta umeei zuzendutako beste alternatiba batzuk eskaintzeko asmoarekin. Horren helburuak hauexek izango ziren, besteak beste: herri handiagoetara mugitu barik eskura izango ez genituzkeen kultur aukerak eskaintzea herritarroi eta, batez ere, aisiaren kultura piztea.
Herrian bertan, eta hemen lan egiten duten hainbat kultur talde eta erakunderen ekimenez, lehengo "Esperanza y Cia" arma-fabrikarena izandako lekuan kultura-gune bat egiteko proposamena aurkeztu zen. Ideia lehiaketa bat ere egin zen, eta bertan jasotakoekin proiektu bat osatu zen: Uhagon kulturgunea.
Proiektu izatetik kulturgunea errealitate bihurtu zen, ordea, duela bost urte; eta badoa gorpuzten herriko kultur, kirol eta giza arloko talde/erakundeen ekimenez zein Udalarenaz antolatutako eskaintzekin.
Uhagon Elkartea da kulturgunearen dinamizatzailea.
Egitura aldetik, kulturguneak kafe-antzokia, bulegoak eta erabilera anitzeko zenbait gela edo areto ditu.
Bertan, berebiziko garrantzia eta lehentasuna ematen zaie arte eszeniko eta plastikoei eta, orobat, musika eta literatur sustapena helburu dutenei eta folkloreari ere.

Kultura-guneaz gain, Markina-Xemeingo Udalak baditu beste espazio edo gune batzuk, bai berorrek antolatutako ekimenetarako bai herriko kultur, kirol zein giza eragileenetarako. Lehendik dagoen Kultur Aretoa, hitzaldietarako eta zinea emateko aproposa. Liburutegia. Udaletxeko areto nagusia... Eta kaleak. Zelaia eta zenbait plaza ere, unean uneko eszenatoki ezin hobeak bilakatzen direnak, behar izan ahala.