Badira pertsona zein herrien historian Itaun Nagusiak egiteko garaiak; garai aproposak ohi dira horiek iraganari begiratu, orainaren kontzientzia hartu eta etorkizunerako ganorazko planak egiteko, eta badirudi XXI. mende hasiera garai horietakoa dugula, Itaun Nagusi izan daitezkeen hiru galdera potolo agertu zaizkigulako derrepente begi-aurrean, bidelapurren modura.
Lehen itauna: zenbat herri egon daitezke herri bakarraren barruan? Ezen herri batek, sugearen antzera, larruazal desberdinak izan baititzake denboren joanaren arabera: eta, hartara, izan daiteke auzoaren beldur den hiribildu ikarati, izan daiteke frantses okupazioaren lekuko menperatu, izan daiteke Mogelek deskribaturiko paradisu ideal, tropa karlista eta liberalen jomuga erraz, gudarien nahi eta ezinaren lekuko, gerraondo luzearen aterpe isil, ondorengo poz-eztandaren abaro, globalizaturiko munduaren atal, izan daiteke makina bat gauza; bere lurrak izan daitezke, berbarako, orain igerileku-egitasmo, hurrena futbol-zelai (oi Piscinaikus gogoangarria!), ostean kiroldegi eta bihar batek daki zer: herria aldakorra eta aldi berean mudagaitza baita, beti ekinean eta beti egonean.
Bigarrena: zenbat norabide izan daitezke herri baten ekinarentzat? Herriak har dezake, berbarako, barrurako bidea, defentsa-jarrera, marka-izaera, eta harresiz inguratu bere kale umelak, dela albo-herrietako, elizateetako, lur zabaletako bizilagunen beldur delako edo dela mundua mundu denetik horrela jokatu dugula irakatsi diotelako. Baina, kirikinoaren moduan bere baitara bilduta egon arren, herri horrek berorrek kanpora, lau haizetara ere zabal ditzake fruituak, bere buruaz harro eta ziur, munduko bazter askotako luze-zabalean eraginda: pilotariak, kokoteak, artzainak, beharginak, Carrarakoaren pare saltzen den harri beltza, dantza-erakustaldiak, tankera askotako enbaxadoreak izan ditzake herriak.
Hirugarrena: zenbat jite desberdin izan ditzake herri batek? Herria izan daiteke bazterrak eta pertsonak suntsitzen dituzten armen ekoizle edota armok suntsitu dituzten herrietako bizilagunen aterpe bero; izan daiteke, era berean, bere seme-alabak emigratzera behartzen dituen lur antzu edota gosetik ihesi datozenen abaro abegitsu; izan daiteke, azkenik, albo-herrien irensle edo albo-herrien askatasun-nahia errespetuz onartzen duen udal eredugarri.
Eta behin itaunok eginda, irudi-aldra dator bat-batean edonoren burura, ezinbestean: Guen Kalea, Erdiko Kalea, Kale Okerra, Zehar Kalea, harresi zaharrak, arrabalak, Goiko Portala, Kontzejupea, gerra-usainak, ezer barik doazenak eta ezer barik datozenak, Zelaiko pasealekua (Zelai bilgune, Zelai kuxkuxero, Zelai eder, Zelai zahar), Artibai eta Urko, Arretxinagako haitzak, Urregarai eta Zapola, Peru Abarka eta Maisu Juan, Andaluzia, Galizia eta Gaztelako etorkinak, bosniar errefuxiatuak, erromeriak, Karmengo Iturria, eta komentuak, Esperanza y Cía, Kareaga, Ugarte eta Barroeta, Mugartegi eta Murga, Xemeingo eliza ederra, eta Barinaga, eta Iturreta, eta Amallo, eta Larruskain, eta harrobiak (Lauaxetak izendaturiko mendi haien zaurien pare), eguen eta zapatuetako azokak, hori denori eta askoz gehiago, irudi asko, kontraesankor diruditenak ere tartean direla: jendez gainezka dagoen frontoia eta erdi-hutsik ageri dena, konparazio batean, denboren joanaren seinale.
Esandako moduan, badira momentu batzuk herrien zein pertsonen bizitzan zeintzuetan Itaun Nagusiak agertzen zaizkigun, eta horrelakoetan edo ez daukagu erantzunik edo erantzunak askotarikoak izan ohi dira, herriak (pertsonen modura) litezkeen sentimendu eta joera guzti-guztiak euren baitan hartzen dituzten unibertso txikiak, arragoa erraldoiak direlako (txiki edo erraldoi, begiradaren araberakoa da-eta dena). Eta hori da, hain zuzen, webgune honek nahi duena: arragoa horren erretratu fidel izan, herri aldakor eta aldi berean mudagaitzaren isla bihurtu (Xemein zahar, Markina antzinako, Markina-Xemein eraldatu, Markina eta Xemein (ia) betikoak), eta, herritarrei informazioa emateaz gain, galderak planteatzen eta kontu berriez erditzen jarraitu, sortzen eta galdezka jarraitzen duen herriari (dabilen harriari modura), ez diolako goroldioak erraz helduko, herri hori herri bizi izango baita beti.
AITOR ZUBEROGOITIA