Historia

 

Barinagako Iturbe baserrian jaio zen 1915eko apirilaren 22an. 13 urte zituela seminariora joan zen apaiz-ikasketak egiteko. Gasteizko Seminarioan, garai haietan, Manuel Lekuonak zuzentzen zuen Kardaberaz Akademia zegoen. Euskal literatura eta kulturazko gaiak lantzen zituzten hor.

Gerra hasi zenean, errepublikarren aldeko gudarostean sartu zen. EGUNA euskara hutsezko egunkarian zeuden garai hartan, besteak beste, Manu Ziarsolo, Ignazio Eizmendi "Basarri" eta Augustin Zubikarai. Honek, lehendik ondo ezagutzen zuen eta, bere ondora deitu zion Jose Mari Arizmendiarrietari. "Arretxinaga" izenordez sinatzen zituen bere lanak. EUZKADI egunkarian ere idazten zuen.

Apaiz egin ondoren, Arrasatera bidali zuten. Ekintza Katolikoan JOAC eta HOAC elkarteetan hasi zen lanean. 1943an Lanbide Eskola sortu eta hor, apurka-apurka, bere ideiak eta asmoak gauzatzen saiatu zen. Elkartasun eta lankidetzari dagozkien ideiak argi zituen buruan eta haiek aurrera eramateko kemena bihotzean. 50. hamarkadan sortu ziren lehen kooperatibak. "Ulgor" (1956) izan zen lehenengoa eta ondoren beste batzuk. Kooperatiba-mugimenduaren aitatzat hartzen dute.

1976ko azaroaren 29an hil zen eta 1992ko uztailaren 14an Markina-Xemeingo "Seme Kutun" izendatu zuten.

Informazio gehiago: Azpeitiako Euskara Patronatua