Markina-Xemein eta inguruko herrietan esku pilota gustuko dugun guztiontzat 2010eko uztailaren 24a azpimarratu beharreko data da. Egun horretan, Markinako esku pilota taldeak bere 33 urtetako historia luzean lehen aldiz Euskal Herriko herriarteko txapelketa lortu zuen. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako txapeldunen artean jokatutako txapelketan Markinarrak garaile izan dira.
Aurreikusi bezala, garaipena oso gogorra izan da. Gaztetxoen mailan Amurrioko bikotea 0-11 aurreratu ondoren, Albizu eta Pujana partida orekatzen saiatu ziren baina ezin izan zuten hasierako diferentzia hau murriztu. Azken emaitza 10-22 Amurrioren alde. Emaitza honekin gazteek jokatu beharreko bigarren partida erabakigarria zen: Amurriok irabaziz gero txapelketa eurentzat.. Bigarren partida honetan ere markinarrak galtzaile hasi ziren. Konturatu orduko markagailua 8-16 aurka zuten. Arrieta eta Aretxabaletak euren jokoa aldatu ondoren 20-16 aurreratu ziren eta partida era horretan amaituko zela zirudienean 21-21 berdinketaren aurrean aurkitu ginen. Bertaratutako bihotzen taupada sakonen soinuaren pean jokatu zen tentsio handiko tantoa markinarren alde erori zen eta era honetan azken partida jokatzeko aukera sortu zen. Nagusien lehia honi ere, aurreko bietan gertatu bezala, hasiera kaxkarrarekin ekin zitzaion. Markagailuak beste behingoz 9-16 adierazten zuenean Urionabarrenetxea eta Kastillok aski zela erabaki zuten eta 10 tanto jarraian egin zituzten. Nahiz eta Amurrioko taldeak beste tanto bat egin, azkenean markinarrak 22-17 partida eta txapelketa irabaztea lortu zuten.
Era honetan Markinako esku pilota taldeak historiara pasako den garaipena lortu zuen. Lerro hauen bidez amets hau egi bihurtzeko bide luze hau erraztu diguten guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Ziur gaude aparteko sari hau pizgarri berri bat dela euren laguntzarekin jarraitzeko (Esku Pelota Taldea).






2010eko uztailaren 21eko ohiko osoko bilkuran Udalak Markina-Xemeingo udal plangintza orokorra hasiera batez onartzea erabaki zuen. Lehen onespen horren gaineko iragarkia bidali da Bizkaiko Aldizkari Ofizialera eta BERRIA egunkarira, erabakiaren berri ematen eta aditzera ematen iragarki hau boletinean argitaratutakoan hasi eta 2010eko urriaren 15era arteko epea dagoela dokumentua aztertu eta plangintza orokorrari alegazioak aurkezteko. Halaber, plano eta dokumentazio garrantzitsuenak udaletxeko iragarki taulan eta web orri honetan ere jarriko dira ikusgai, eta sektore-eskumenak dituzten herri administrazioei eta mugakide ditugun udalei ere bidaliko zaie.
Markina-Xemeingo Udal Kultur Batzordeak eta Markina-Xemeingo Argazki eta Zinema taldeak (MAZT), argazki lehiaketa bat ipini dabe martxan aurtengo Karmenetarako, gaia hauxe dela: Karmen Jaiak 2010 